XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ziri bat sartu dit neri.

HORIXE bururatu zait, nik gaurko pentsatua neukan izena M. Atxaga kazetariak atzokoan zekarrela ikustean.

Bertsolariak jartzeko asmoa nuen izena gaurko honi.

Eta nere lagunak atzo harrapatu ez dit bada?.

Baina izenarekin izanik ez dit lapurtu; eta esateko asmoa nuena esaten hastera noa.

Hona zer dakarren barnean, Jakin aldizkariak Bertsolariak izenpean argitaratu duen 44 aleak:
Elkarrizketa batekin hasten da.

Eta zeini egingo elkarrizketa bat eta Juan Mari Lekuonari.

Ez da erraz erantzule hoberik aurkitzen bertso kontuetan, izen-abizen horiek esaten duten jauna baino.

Bertsolari Txapelketa Nagusien historia izena duen artikulu bat da hurrengoa.

Josu Landa da egilea.

Bada oraindik gure artean historia hori ez dakien jakintsu-ustekorik, eta hor dauka aukera ikasteko.

Epaimahaia txapelketan dio hurrengo sailak.

I Sarriugarte da idazlea.

Ez da luzea, baina ezta hutsa ere.

Euskal herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia 85-86: Izenburu luze hori du hurrengo kapituluak.

Bertsolari Elkartea da beraren jabe.

Gauza berri haundirik ez du aurkituko irakurleak.

Bertsolaritzaz galdeketa da hurrengoa.

Zazpina galdera egiten zaie hamaika laguni. Mahainguru moduko zerbait aurkituko du irakurleak.

Bertsolariei inkesta da azkeneko kapitulua.

Inkestaren ikertzaile eta ordenatzaile Joan Mari Torrealdai dugu, Jakin aldizkariaren zuzendaria bera.

145 bertsolariri egin nahi izan zitzaien inkesta, eta 140 dira erantzun dutenak.

Bik, nahi ez zutelako ez zuten erantzun, eta hiruk eskura ez zeudelako.

Bertsolariak nor eta zer diren jaiotzez, ikastez, ogibidez eta abarrez erakusten du inkesta honek batetik; eta bestetik zer pentsatzen duten bertso, bertsolaritza, bertsolari eta txapelketaz.

Hau da, nik uste, liburuaren zatirik, mardulena ez-ezik, jakingarriena ere.

Behin baino gehiagotan irakurtzea merezi eta behar duela uste dut.

Eta bukatzeko, txalo Jakin aldizkariari eta beraren nagusiari.

Joxemari Aranalde.